Aberri Eguneko Manifestoa

brote-verde.jpg

Orain 80 urte, 1932. urtean, milaka euskaldunek Bilboko kaleak bete zituztenetik era askotako Aberri Egunak bizi ahal izan dituzte belaunaldi ezberdinek urtez urte: askatasunean batzuetan; espetxean eta atzerrian sarri; ezkutuan gehiegitan, baina beti Aberriarekiko konpromisoa berresten.

Zalantza izpirik gabe denborak asko aldatu dira gurean ere eta euskal gizarteak jarrera berriak, ikuspuntu eta jokamolde berriak ditu hainbat alorretan, alderdi politikook horretaz jabetzen gehiegi asmatzen ez badugu ere. Duela bizpahiru hamarkada Aberri Eguna itxaropenaren eta askatasunaren eguzki gisa berreskuratzen hasi zen euskaldun kopuru izugarriak, garai berrietako ilusioa eta lilura galdu egin du.

Hamaikabatek beharrezko ikusten du Aberri Eguna. Gure ustez, Aberri Egunaren helburua ez litzateke soilik abertzaleak elkartzea izan behar, ezta ere soilik Euskal Herriko hiritar guztien eta mundu zabaleko euskaldunen jaia izatea, Aberriarekiko konpromisoak plazaratzeko unea behar luke, eta horregatik, egun horretan gure Aberriarekiko konpromisoak berrezten ditugu.

Gure Aberriarekiko konpromisoak

Hamaikabat osatzen dugunontzat, Aberri Eguna, Aberria eraikitzeko konpromisoa berresteko eguna da. Eguneroko herrigintzan murgiltzen den konpromisoa. Hau da, hiritarrek dituzten kezkak eta zalantzak, ametsak eta helburuak, lehentasunak eta premiak irakurtzen jakitea eta horiei erantzun zuzena proposatzen asmatzea.
Testuinguru honetan, Hamaikabatek esana du -bere sorreratik- krisi hirukoitza bizi dugula egun eta krisi hirukoitz horri irtenbidea ematen berebiziko ahalegina egin behar dugula:
  • Euskal abertzaletasun demokratikoaren krisiak kezkatzen gaitu, arrazoi ezberdinak medio, neurri handi batean iraganean izan duena baino gaitasun txikiagoa daukalako gizartean eta erakundeetan aintzindaritzari eusteko.
  • Armen hotsak isil ostean, bake ezak utzi digun ondareari aurre egin behar diogu. Itxaropen kritiko batekin, indarkeria tresna eta helburu izan dutenek hortara bueltatzeko tentaldia gertutik jarraituz. Biktimei inoiz baino gehiago gure gertutasuna erakusteko garaia da, indarkeria gertaera guztien egia ezagutzeko garaia da, azken hamarkadetan gertatutako guztiaren errelato zuzena osatzekoarena, egian oinarrituko baita benetako normalkuntza eta behin betiko bakea. Eta hau guztia, demokratikoki hautatuak izan diren ordezkari politikoen zuzendaritza eta gidaritzapean.
  • Azkenik, ekonomian mundu mailan bizi dugun krisiak -gurean ere eragin zuzena duena- eta honek eragindako egoera sozial kezkagarri bezain larriak ere arduraz betetzen gaitu eta gai honi ere lehentasuna ematen diogu. Are gehiago azken asteetan gertatzen ari diren aldaketa legislatiboengatik, ongizatearen estatua arriskuan jartzen dutenak.

Horiek guztiak kontuan izanik, beraz, Hamaikabat alderdiak bere konpromisoa berretsi nahi du politika egiteko modu jakin batekin eta hitza ematen du berebiziko ahalegina egingo duela aipatu krisiak gainditzeko lagungarri izan daitezkeen estrategietan sakontzen.

Abertzale izateko modu jakin bati eutsiko diogu. Abertzaletasun integratzailea, dogmatismo guztiei muzin eginez; abertzaletasun historikoaren tradizioarekin bat egiten duena, eta era berean abertzaletasun gaurkotua eta irekia, mundializazioaren garaietan sortzen diren gai, arazo zein beharrizan berriei erantzuten jakingo duena eta Europara begira dagoena; erakundeen gidaritzan sinisten duena, gizarte zibila eta gizarte antolatuarekin elkarrizketa bilatzen duten erakundeak, partaidetza eta elkartasuna bezalako baloreak indarberriturik aterako diren gizartearen eraldaketa gauzatu ahal dadin.

Horiek, beraz, gure konpromisoak.

Euskal Herrian, 2012ko Apirilaren 8an.

Iruzkinak