Arrazoi asko ditugu kezkatuta egoteko

xanet.jpg

Xanet Arozena, OiartzunBai udal taldeko zinegotzia (Oiartzun)Atez ateko zabor bilketa inposatu zigutenetik zortzi hilabete pasa direnean, hasi da balorazioak egiten gure herriko alkatea. Otsailaren 10eko Hitza-n esaten zuen lehen %30 birziklatzen genuela eta orain %80; biltzen den organikoaren kalitatea %99koa dela, eta abar. Hala ote? Ezin jakin Udalaren eskutik. Udal Gobernuari hainbatetan eskatu dizkiogu datu ofizialak, baina ez dizkigute eman.

San Markoko Mankomunitatearen web orrian dauden datuetatik ezezkoa ondorioztatzen da, zaborraren %40 desagertzen baita (100 tona hilero), beraz, Udalak saldu nahi digun %80 hori, %50 eskasean geratzen da. Partzuergoak ez du inoiz Oiartzunen bildutako organikoaren kalitatea eztabaidatu, hara iristen den materia oretsu konpostagaitza baizik. Ezingo da konpostatu iristen den egoeran iristen delako. Hori ere galdetu dugu, alegia, etxeetan behar bezalako ahaleginak egin ondoren hain garbi ateratzen den organiko horrekin zer gertatzen den Lapatxera (Azpeitiko konposta plantara) iristen denerako alferrik galdua egoteko, baina horri ere, erantzun seriorik ez.

Zintzilikailuetan denetik aurki daiteke. Arratoiak badaude eta badaki alkateak, herritar batek baino gehiagok esan baitio. Zintzilikailuen inguruan, behin baino gehiagotan, zaborra barreiatuta agertu da. Paperontzietan, errepide bazterretan eta erreka bazterretan zabor poltsak agertu dira. Kiratsa badago etxeetan, baita kalean ere. Hori guztia ukatzea egiari bizkarra ematea da.

Berriz ere, alkatea atez atekoa errauste plantaren irtenbidea dela esanez dator, baina denok dakigu, ongi baino hobeto, atez atekoa ez dela izango inoiz errauste plantaren ordezkoa, osagarria baizik eta hori ezker abertzaleko agintariek oso ongi dakite. Sistemaren aurkako jarrera horretan oso ongi moldatzen dira eta horregatik hautatzen dituzte beti honelako kausak: autobidea, errauste planta eta abar luzea. Hor ere badaude hemerotekak eta memoria ere ez da hain ahula. Beste erakundeen aurka egiteko bide bat gehiago besterik ez da hau, herritarren aurka bada ere.

Ekonomikoki justifikatzeko alkateak hainbat zenbaki dantzatzen ditu, baina, azkenean, balio duena balantzea da eta 2010eko abenduaren 31n 6.890 euro ziren bildutakoak eta beste 12.000 inguru espero dira, Udalak egindako 77.000 euroko aurreikuspenetik nahikoa urruti. Aurreikuspenak egitea beharrezkoa da, baina errealista izan behar da eta une honetan errealitatea alkatearen aurreikuspenetatik oso urruti dago, berriro. Bestalde, Garbitania SA sortu duten hiru herrietako gobernuek, enpresa hau sortzearekin, zabor bilketaren gaia oposizioaren kontrolpetik atera nahi izan dute. Hori al da gardentasuna eta parte-hartzea bultzatzea?

Bosgarren edukiontziaren inguruan ba omen du Udalak azterketa bat. Gutxienez hiru bider eskatu diogu Udalari azterketa horren kopia bat eta oraindik ez digute eman. Nola sinetsiko diogu informazioa etengabe ezkutatzen digun Gobernu bati?

Denetan tamalgarriena, ordea, zabor bilketaren inguruan sortutako plataformari alkateak egin dion harpa jotzea da. Plataforma horrek bildutako 1.500 sinadurak hankapean hartu ditu Alkateak. Plenoan engainatu egin zituen, ondoren kasurik egin ez eta orain bilera eskatu die, agindutako komisiorik sekula deitu gabe. Jokabide hori onartezina da.

Denborak bakoitza bere tokian jartzen omen du eta horretan, behinik behin, ados nago alkatearekin. Parte-hartzean eta gardentasunean sinesten duen gobernu batek ez luke informazioa ezkutatu behar, eskuragarri jarri baizik. Parte-hartzean eta gardentasunean sinesten duen udal gobernu batek ez luke inposatu behar. Tamalez, gure Gobernuak parte-hartzea eta gardentasuna ulertzeko duen era xelebreari esker hau eta gehiago egin ondoren lasai geratuko da. Ohituta gaude.

Iruzkinak